Philip K. Dick. Lana.
Philip K. Dick-en ekoizpen literarioa oso ugaria izan zen, agian ugariegia. Kontutan hartu behar duzue elaberri eta ipuin asko anfetaminen efektupean idatzi zituen. Hori dela-eta bere lanen kalitatea nahiko aldakorra da, benetazko maisu lanetatik ahaztu beharreko beste batzuetara. Oro har media nahiko altua da. Nik hiru elaberri hautatu ditut komentatzeko:
Amets egiten dute androideek ardi elektrikoekin?
Blade Runer filmearen esker Philip K. Dick-en elaberririk ospetsuena da, nahiz eta filmea eta elaberria nahiko ezberdinak izan. Elaberrian etorkizun post nuklear bat aurkezten zaigu. Animali gehienak desagertu dira eta oraindik geratzen diren urriak edozein gizakik eduki ahal duen jabego preziatuenak dira. Etxean animali bat edukitzea behar morala eta status sozialaren sinboloa da. Elaberriaren protagonistari etxean zeukan animalia hiltzen zaio eta ardi-errobot bat erosten du ordezkatzeko. Baina badaki ez dituela auzokoak luzaro engainatuko. Dirua lortu behar du benetazko animali bat erosteko. Androideen ehiztaria da eta behar duen dirua eskuratu nahi badu lurrera etorri berri diren 6 androide ehiztu beharko ditu, haien truke eskaintzen den saria eskuratzeko. Androideak Marteko kolonizaziorako erabiltzen dira eta debekatuta daukate lurrera jaistea, deuseztatuak izateko mehatxupean. Baina androideak gero eta antza handiagoa daukate gizakiekin eta oso zaila da gizakiengandik bereiztea. Bereizteko test bat erabiltzen da. Test horrek, galdera batzuen bitartez, enpatia neurtzen du, hots, gizaki batek beste izaki bizidun baten sofrimenduearen aurrean sentitzen duen oinazea. Androideek ez dute ezer sentitzen besteengandik, beraz ezin dute testa gainditu. Elaberria oso entretenigarria izateaz gain erreflexio bat da gizakiaren izaeraz. Dick-ek sentimenduak direla gizakiak egiten gaituzteenak esaten digu.
Ubik
Ez baduzu inoiz Philip K. Dik-en elaberri bat ere irakurri eta bere lanari hurbildu nahi duzu nobela errepresentatibo batekin hau da zure elaberria. Hemen egilearen gai gogokoenak aurkituko dituzu. Elaberriaren hasieran gerra bat aurkezten zaigu psikiko eta anti-psikikoen artean, psikikoak ahalmen paranormalak dauzkate, antipsikikoak ahalmen horiek eragozteko kapazitatea daukate. Baina gai hau laister atzean geratzen da. Ilargian gertatutako gatazka batean antipiskikoak gaindituak izaten dira eta bere nagusia larriki zaurituta geratzen da, haren bizitza salbatzeko Lurrera eraman behar dute agudo. Baina Lurrera heltzen direnean zerbait arraroa gertatzen da. Ustekabean protagonistak ordulariaren kontrako lasterketa zoro batean murgilduta aurkitzen dira. Denbora erotzen da. Gauzak zaharkituak geratzen dira berehala eta haiek, misteriotsuki, hiltzen hasten dira. Eromena hori geldiarazteko era bakarra Ubik izeneko produktu bat erabiltzea da, baina bere efektuak laburrak dira eta zaila da eskuratzea. Pertsonaiak ez dute ulertzen zer gertatzen ari den eta irakurlea ere ez du ulertuko elaberriaren amaiera heldu arte. Elaberria ezustez josita dago eta amaiera zabal batekin bukatzen da. Elaberri honekin Philip K. Dick-ek bere lan borobilena egin zuen.
Begirada bat iluntasunera
Hau da, agian, Philip K. Dick-en elaberririk pertsonalena. Bera ez bada agertzen ere elaberri autobiografikoa dela esan dezakegu. Urte askotan zehar Dick-ek drogazalea izan zen eta bere esperientzian eta berak ezagutu zuen jendearen esperientzietan oinarrituz elaberri hau idatzi zuen. Zientzia Fikzio gutxi dago elaberri honetan eta errealismo asko. Istorio zera da: Droga berri bat agertu da, oso suntsitzailea burmuinarako. Protagonista drogazale batzuen artean infiltratu behar den polizia da. Ikertu behar dituen drogazaleen etxea bideo kameretaz betetzen du. Eguna amaitzen denean filmazioak ikusi behar ditu. Baina haiekin dagoenean hartu behar dituen drogak direla-eta eskizofrenia bat sortzen hasten zaio; eta filmazioan bere burua ikusten duen bakoitzean pertsona hori beste susmagarri bat dela uste du. Egunak joan egunak etorri eta bi pertsonalitateen arteko amildegia handitzen joaten da. Drogazaleen artean dagoenean beste drogazale bat da eta egunaren amaieran bere polizia papera berreskuratzen duenean eta filmazioetan bere beste pertsonalitatea ikusten duenean morroi hori susmagarri nagusia dela uste du. Elaberria drogaren munduari buruzko nobela da, drogazaleen ikuspuntutik kontatuta. Amaieran goibel-solasa ikarragarri bat agertzen da. Han Philip K. Dick-ek zergatik idatzi zuen elaberri hau azaltzen du eta zerrenda bat egiten du, drogen erruagatik, bidean geratu ziren lagunen izenekin.